Descargate Flash Player para poder ver este reproductor.

Azken berriak

Animalientzako bidezidorrak

Berriak | Gaiak | Bioaniztasuna kategorian argitaratua 2010 Apirilak 15

Autobideak, trenbideak eta beste azpiegitura handi batzuk arriskutsuak gertatzen dira gurutzatzen saiatzen diren animalientzat, eta askotan gainera, animalia taldeak zatituta geratzen dira horien ondorioz.

Espainiako errepideetan 10 milioi animalia baino gehiago hiltzen dira urtean ibilgailuek harrapatuta, eta pertsonak ere hiltzen dira istripu horien ondorioz. Bide segurtasuneko arazo bat izateaz gain, ingurumenari ere eragiten dio.

Ibilgailuek harrapatzen dituzten animaliarik gehienak etxe-abereak edo haztegietakoak izaten dira, baina oreinak, basurdeak eta orkatzak ere gero eta gehiago agertzen dira hilda. Azpiegitura handi horiek eraikitzeak beste ondorio batzuk ere baditu: komunikazio bideek zatitu egiten dute lurraldea, animalia taldeak gero eta multzo txikiagoetan zatituta geratzen dira. Ezin dira libre mugitu batetik bestera, eta horrek zaildu egiten die elikagaiak eta ugaltzeko kideak bilatzeko jarduna; ondorioz, zenbait espezie desagertzeko arriskuan geratzen dira, nahiz eta naturagune babestuan egon.

Europako Batasunak zenbait ekintza proposatu ditu lurralde-zatitze horien eraginak gutxitzeko. Irtenbideetako bat faunak erabiliko dituen pasabideak egitea da trenbide, autobide, errepide eta kanaletan, eremu babestu batetik bestera pasa ahal izateko.

Proposatu dituzten egituren artean, honako hauek nabarmendu litezke: biaduktoak (haranen edo ibaien gainetik pasatzeko egiten diren zubiak), tunelak, tunel itxurako pasabideak (tunelen antzeko egiturak izaten dira, landaretzarekin estaliak, fauna handik igaro dadin), ekoduktoak edo zubi berdeak (errepide edo autobideen gainetik igarotzen diren pasabide handiak dira, landaretzaz hornituak, bidearen bi aldeetara geratzen diren eremuak lotzeko eginak). Gauza sinpleagoak ere egin daitezke, eta horiek ere aipatzen dituzte: lur azpiko pasabideak, igarobideak dituzten hesiak edo animalientzat bereziki jarritako atakak.

Pasabide guzti horiek eraginkorrak eta seguruak izatea da helburua. Landaretzarekin edo material naturalekin hornitzea da aukera bat, animaliei ezagun gerta dakien eta handik joatera ausartu daitezen.

Orain arte, Espainian animaliak segurtasunez handik igarotzeko 5 tunel, tunel itxurako igarobide bat, 7 biadukto, goiko 5 pasabide eta azpiko 56, eraiki dira.

 

Artikulu osoa Consumer-en aurkitu dezakezu: Faunak behar dituen bidezidorrak

 Pdf formatua jaitsi informazioa

 

Iturria: Consumer

Iruzkinak

Ez dago iritzirik Iruzkina gehitu

Iruzkina gehitu

© Naturgaia 2008 · naturgaia@naturgaia.net
Castellano Euskara