Esan bezala, gutxinaka WWFren “10 to Watch in 2010" zerrendan agertzen diren espezieak ezagutzen joango gara. Oraingoan, Magallaneseko pinguinoa, Larruzko dortoka eta Hegalaburra ditugu aztergai.
Gogora dezagun Nazio Batuek, 2010a Bioaniztasunaren Nazioarteko Urte izendatu dutela. Eta WWF-k zerrenda batean bildu ditu urte honetan inoiz baino arrisku handiagoan dauden 10 animalia espezie. Egoera honen eragile nagusiak habitat naturalaren galtzea, isilpeko ehiza eta aldaketa klimatikoa dira. Honako hauek dira zerrendan jasotzen diren beste hiru espezie:
Magallaneseko pinguinoa

Pinguinoen familiako hegazti espeziea da, Argentina, Txile eta Falkland uharteetan egiten du habia eta zenbait migrazio burutzen ditu Brasilera. Magallaneseko pinguinoaren (Spheniscus magellanicus) mehatxu nagusia petrolio isuriak dira, baina orain arazo larriago bati aurre egin behar dio, klima aldaketarekin lotura izan dezaketen beroketa eta korronte ozeanikoen aldaketak, arraiak mugitu egiten dituzte, eta ondorioz, pinguino espezie honek urrutiago joan behar du janaria aurkitzeko. Aurreko urtean ehundaka pinguino hilik azaldu ziren Rio de Janeiro inguruko hondartzetan. Hamazazpi pinguino espezietik hamabi, beren populazioan beherakada azkarra jasaten ari dira.
Magallaneseko pinguinoari buruz gehiago jakin (gazteleraz).
Larruzko Dortoka

Itsas dortoken artean handiena da larruzko dortoka; 2 metro neurtu eta 600 kilo baino gehiago pisatzera irits daiteke. Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan bizi da, eta ur beroetara emigratzen du arrautzak erruteko. Larruzko dortokak (Dermochelys coriacea) ehun milioi urtez bizirautea lortu du, baina orain desagertzeko arriskuan dago. Egin diren kalkuluek espezie honen jeitsiera adierazten dute, bereziki Pazifikoan, non 2.300 eme heldu bakarrik geratzen diren. Pazifikoko larruzko dortokak munduko itsas dortoka populaziorik mehatxatuena dira. Atlantikoko dortoka populazioak egonkorragoak dira, baina zientzilariek hauen jetsiera bat aurrikusi dute, dortoka heldu ugari hiltzen edota harrapatuta geratzen baitira arrantza ontzien erruz. Gainera itsasoaren igoerak eta Atlantikoko hondartzetan ematen diren tenperatura altuak mehatxu berri bat dira dotorkentzat, eta beren kumeentzat. WWFren helburua larruzko dortokaren migrazio ibilbideak mantentzea da, horretarako, arrantzaleekin lan egiten du nahigabeko arrantza murrizteko, dortokek habia egiten duten hondartzak babesten ditu, eta sentsibilizazio-kanpainak aurrera eramaten ditu bertako komunitateek dortokak eta beren habiak zaindu ditzaten.
Larruzko dortokari buruz gehiago jakin.
Hegalaburra

Hegalaburra, edota atungorria (Thunnus thynnus), Ozeano Atlantikoaren mendebaldean, Mediterraneo Itsasoaren ekialdean eta Itsaso Beltzean bizi den arrain migratzailea da. Sushirik onena atungorritik lortzen da. Jasangarriak ez diren arrantza ohiturekin jarraitu ezkero espezie hau desagertzeko arrisku larrian egongo da. Hegalaburraren munduko salerosketaren behin behineko debekuak, espeziearen berreskurapena ahalbidetuko luke. WWF saiatzen ari da jatetxeek, sukaldariek, txikizkako merkatariek eta kontsumitzaileak hegalaburra zerbitzatu, saldu, erosi eta jan ez dezaten, espezie honek berreskurapen seinaleak ematen dituen arte.
Iturria: Microsiervos eta WWF








