Urriaren 19an Miramongo Zientziaren Kutxagunean berde-berdearen 5. festa ospatu zen, bertan, proiektuan parte hartzen duten ikasleek ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteei diru-laguntzak banatu zizkieten.
Festan Gipuzkoako sei ikastetxek parte hartu zuten: Axular Lizeoa (Donostia), San Jose Ikastetxea (Hondarribia), Azpeitiko Ikasberri Ikastola (Azpeitia), Urola Ikastola (Azpeitia), Aita Larramendi Ikastola (Andoain) eta Haurtzaro Ikastola (Oiartzun), 197 ikasle eta 13 irakasle guztira. Ikasleek elektrizitatearen inguruko zenbait esperimentu eta planetarioa ikusi ahal izan zituzten Kutxaguneko bisitaldian.
Berde-berdea proiektuarekin laguntza jasotzen duten lau erakundeetako ordezkariak ere bertan izan ziren eta baita, laguntza ekonomiko hauek gauzatzea ahalbidetzen duen Kutxako ordezkaritza, eta Kutxagunekoa ere.
Berde-berdea proiektuak bere 5. ikasturtea amaitu du, eta 6.a hasi, horrela, festaren ekitaldi nagusian, aurreko ikasturteko balorazioa egin eta hasi den ikasturterako prestatutako berrikuntzak aurkeztu ziren. Balorazioa egiterako orduan, hiru puntu nagusi ikutu ziren, alde batetik 08-09 ikasturtearen datuak eman ziren: proietuan 88 ikastetxe, 167 irakasle eta 4.623 ikaslek parte hartu zuten, azken hauen lanari esker, ingurumenari buruzko bost gai landu eta galdeketak erantzutean datza, ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteentzako diru-laguntza bilakatuko diren 193.325 puntu lortu zirelarik.
Bestalde, web orrian (www.berde-berdea.net) burutu zen lehiaketaren emaitza aurkeztu zen, bertan Google Earth tresna erabiliaz partaideek Lurreko zoko guztiak arakatu zituzten itsasontzi erraldoien bila, munduko itsasontzirik luzeena non zegoen jakiteko. Horrela, jolastu eta ikasiz, munduko itsas garraioaren mapa erraldoi bat osatu zuten bidalitako itsasontzi guztiekin.
Eta balorazioa amaitzeko, zenbait ikastetxetan GPSa erabiliz eginiko ingurumen azterketak aipatu ziren. San Vicente de Paul Ikastetxeak argi kutsadura aztertu du Irunen. Antigua-Luberri Institutuak Donostiako Miramar parkean Ibilbide botanikoa osatu du. Eta Azpeitiko Ikasberri Ikastolak Azpeitia-Azkoitian aurkitu dituzten landare inbaditzaileak kokatu eta hauei aurre egiteko protokolo bat osatu du. Informazio gehiago GPS Txokoan.
Esan bezala, hasi berri den 09-10 ikasturtea, 6.a da Berde-berdea proiektuarentzat, eta urtero bezala, zenbait berrikuntza gaineratu dira, lehen aldiz banatuko den Berde-berdea Saria, adibidez. Sari honek, gure inguruan ingurumenaren alde egiten diren ekintzak goraipatu nahi ditu. Sarituen aukeraketa bozka bidez egingo da web orrialdean.
Berrikuntza garrantzitsuena, ikasleek landu ahal izango duten 6.gai baten eransketa izan zen. Izan ere, ikasturte honetan, Energiari buruzko ikasmaterial berria langai izango dute. Energiaren historia, gaur egungo egoera eta etorkizuneko aukerak aztergai izango dira bertan, hiru flash animazio eta dagozkien jardueren bitartez. Beste gaien lanketarekin bezalaxe, honekin ere elkarteentzat laguntzak lortzeko puntuak eskuratuko dira. Dagoeneko lehenengo atala web gunean aurkituko duzue, bigarren eta hirugarren atalak ikasturtean zehar prest egongo dira.
Ekitaldiari amaiera emateko, ikasleek, Arrano Etxea, Aranzadi, EIBE eta Green Belt Movement elkarteei txekeak banatu zizkieten, guztira, Kutxaren eskutik, 12.000 € banatu ziren.
Ekitaldia amaituta, ikasleek Kutxaguneko inguruetan hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan zuten, irakasleak eta ingurumen elkarteetako, Kutxako eta Kutxaguneko ordezkariak "lunch" baten inguruan elkartzen ginen bitartean.
Ekitaldi nagusian egindako aurkezpena iruditan:
Aldizkarietan azaldutako albisteak:
- Ingurumena zaintzeagatik sarituak (Diario Vasco)
- Ingurumenaren alde lan egiten duten lau erakundek Kutxaren dirua jaso dute (Noticias de Gipuzkoa)










