WWFren "10 to Watch in 2010" zerrendarekin amaitzeko, desagertzeko arrisku larrian dauden beste lau espezie ezagutuko ditugu.

Mendiko Gorila

Mendiko gorila (Gorilla beringei beringei) ekialdeko gorilaren bi subespezietako bat da. 700 baino gutxiago bizi dira aske, bi populaziotan banaturik: bata Virunga Mendietan, Afrikako erdialdean bizi da, eta bestea, Ugandako Bwindi Basoan. 200etik gora bizi dira Virunga Parke Nazionalean, eta besteak beste, isileko ehiza, guda eta habitataren galeragatik daude mehatxatuta. Zaintzeko esfortzuek Virungako populazioaren %14ko igoera bat ekarri dute, azken 12 urteetan, eta Bwindin bizi diren gorila populazioa ere %12 igo da azken hamarkadan. Hala ere, mendiko gorilen egoera ez da egonkorra, eta WWFk lanean dihardu Afrika erdialdean tximino handi honen habitata salbatzeko.

Mendiko gorilari buruz gehiago jakin

 

Monarka Tximeleta

Monarka tximeleta (Danaus plexippus) urtero egiten duen migrazio luzeagatik da ezaguna. Kolore bizikoa da, eta beste pinpilinpauxa gehienak ez bezala ez du egun soil bateko biziraupena. Milioika pinpilipauxak Ipar-Amerikatik Mexikorako bidaia egiten dute urtero negua pasatzeko. Ingurumena aldatzea eta ugaltzeko habitata galtzea dira monarka tximeletaren biziraupena zalantzan jartzen duten bi faktore nagusiak. Mexikoko basoak babestu eta mantentzea ezinbestekoa da desagertzeko arriskuan dagoen tximeleta espezie honen biziraupena bermatzeko. Bestalde, oso garrantzitsua da Estatu Batuetako eta Kanadako ugaltzeko habitatak babestea. WWF-k, Natura Babesteko Funts Mexikarrarekin batera, neguko habitata babestu eta berreskuratzeko estrategia bat diseinatu du, tximeletak fenomeno meteorologiko handietatik eta beste hainbat mehatxutatik babesteko. Gainera, WWF-k bertako komunitateei laguntza eskaintzen die zuhaitz haztegiak ezartzeko. 

Monarka Tximeletari buruz gehiago jakin

 

Javako errinozeroa

Javako errinozeroa (Rhinoceros sondaicus) munduko ugaztun mehatxatuena da. Indonesiako Java uharteko Udjung Kulon Parke Nazionalean 40 edo 50 errinozero bizi direla uste da, eta 8 baino gutxiago Vietmango Cat Tien Parke Nazionalean. Oso preziatua da Txinako sendagai tradizionaletarako merrkantzia gisa, eta bere habitata ziren basoak nekazal-soro bihurtzeak desagertzeko arrisku larrian jarri du animalia hau. 1998az geroztik aritu da WWF Javako errinozeroaren babes eta mantentze lanak aurrera eramaten, basozainei laguntza emanez, bertako komutateak animalia hau babestearen garrantziaz ohartarazten, eta parkeen kudeaketan laguntzen.

Javako errinozeroari buruz gehiago jakin

 

Panda handia

Panda handia (Ailuropoda melanoleuca) 1961 urteaz geroztik WWFren ikurra izan da. 1.600 panda handi inguru bizi dira aske basoetan, eta 200etik gertu bizi dira gatibutasun egoeran. Bere habitata, Txinako hego-mendebaldeko basoetan, zatikatzen ari da, populazio txiki eta isolatuak sortuz. Hiru hamarkada daramatza WWF-k Panda handiaren zaintze lanetan, ikerketak burutzen, habitatak babesten, eta bertako gobernuari laguntza eskaintzen pandaren habitata babesteko erreserba naturalak sortzeko lanetan.

 

Panda handiari buruz gehiago jakin

 

Gogora dezagun Nazio Batuek, 2010a Bioaniztasunaren Nazioarteko Urte izendatu dutela, eta herrialdeak, urtean zehar, Lurreko bizitza aniztasuna babesteko neurriak hartzera gonbidatu dituztela.

Informazio gehiago aurki dezakezue IUCN-ren web gunean. (Unión Internacional para la Conservación de la Naturaleza, gazteleraz)

 

Zerrendaren lehen zatiak:

2010ean zaindu beharreko hamar espezie

Arriskuan dauden espezie gehiago

 

Iturria: Microsiervos eta WWF