Bideo harrigarri honetan minutu eskas besterik ez dugu behar Kuleto Faltsua hazten ikusteko.
Kuleto faltsua (Amanita muscaria) Amanitaceae familiako perretxiko pozoitsua da. Europako hizkuntza askotan perretxiko honen izena euliei lotuta egon da. Eulien perretxikoa deitzen zaio, esnetan xehetuta euliak hiltzen dituelako.
Espezie honek txapel haragitsua dauka, 6 eta 15 cm arteko diametrokoa. Hasieran txapela ganbila da, baina gero lautu egiten da. Distiratsua da, euria egiten duenean hezea eta apur bat lingirdatsua da. Kolore gorri mina edo gorri-laranjaxka dauka (aldaeraren arabera), eta ia beti errezel orokorraren hondarrak diren ezkata edo adabakitxo zuri edo horixka ugariz estalita ageri da. Hala ere, kontuz ibili behar da espezie hau identifikatzerakoan, euri asko egiten duenean ezkata guztiak gal baititzake eta jangarria den kulotoarekin nahastu baitaiteke. Ale helduetan ertza ildaskatua da.
Hanka zuria da, leuna, hasieran betea eta gero hutsa barrutik. Oinarri loditua dauka, erraboil antzekoa, eta bere inguruan bolba zuriaren hondarrak diren zirkulu kontzentrikoak dauzka. Eraztun zabal eta mintzaire batez horniturik dago, ildo gutxikoa, zuria edo horixka.
Iturria: Wikipedia