Suediako auzo bateko biztanleek, zaborra, birziklatzeaz gain, elektrizitatea lortzeko erabiltzen dute. Gainera, euri ura ere berrerabiltzen dute eta hondakin-uraz baliatzen dira sudaldean aritzeko biogasa lortzeko.
Estokolmoko Hammarby Sjöstad auzoa hirien garapen iraunkorraren eredu bilakatu da. Kutsadura handia zegoen industria gune izatetik, berdegunez eta behar duten energia gehiena sortzeko gai diren eraikinez beteriko hiri moderno bat izatera pasatu da.
Biztanleek, zaborra, lurpeko zabor bilketa sistema batera botatzen dute eta bertan, birziklagarriak diren materialak eta organikoak bereizten dira. Birziklatu ezin diren hondakinak erre egiten dira elektrizitatea lortzeko.
Auzoan mila eraikin inguru daude eta guztiek beren komunitateko ur hondakinetatik lortutako biogasarekin funtzionatzen duten sukaldeak dituzte. Auzoan zehar ibiltzen diren autobusek ere erregai hau erabiltzen dute.
Euri ura ez da zuzenean estolda-zuloetara joaten; kaleetan biltzen dena iragapen eta arazketa sistema batetara pasatzen da, eraikinetan erortzen dena berdeguneen ureztapenerako bideratzen den bitartean.
Eraikinetan kokaturiko eguzki-plakek etxebizitzetako iturrietatik ateratzen den ur beroaren erdia sortzen dute. Gainera, beste lehentasunetako bat era jasangarrian garraiatzea da. Horregatik, Estokolmoko erdigunera iristen den doako trena, bidegorri sarea, oinezkoentzako eremuak eta partekatzeko 30 auto dauzkate eskuragai bertako biztanleek. Modu honetan, karbono dioxidoaren isurketak murrizten dira, beste auzoek baino %50 gutxiago isurtzen du.
Nahiz eta 'Hammarby Sjöstad'-en jasangarritasunaren %75a diseinuari esker lortzen den, beste %25a biztanleen esku geratzen da. Horregatik, ingurumenari buruzko informazio gunean hitzaldiak ematen dituzte biztanleek ohiturak aldatu ditzaten iraunkortasunaren alde. Adibidez, uraren kontsumoa murriztuz.
2016an amaitutzat emango den proiektu honen (ikusi pdf, ingelesez) helburua, 10.000 etxebizitza eta 25.000 biztanlera iristea da. Orain arte, auzoaren erdia eraiki da. Nahiz eta eredu perfektua ez izan, Hammarby-k, auzoak sortzerako orduan kontutan hartu beharko litzateken ikuspuntu bat emateko balio du.
Iturria: soitu.es (gazteleraz)
Gehiago jakiteko: Bizimodu ekologikoa Estokolmon. (gazteleraz)