Jakingo duzuen bezala, berde-berdearen lehenengo lehiaketa amaitu da, eta dagoeneko, sarien irabazleen zerrenda ezaguna da. Sari banaketan bitxikeria bat gertatu da, izan ere parte hartu duen jende mordoaren artean saridun sortatu diren hiru neska ikastola berekoak dira, are gehiago, horietako bi ahizpak dira.
Oiartzungo Haurtzaro ikastolakoak dira gure hiru protagonistak, Olaia, Iraitz eta Garoa, eta kointzidentzia aprobetxatuz, bertan izan gara sariak eskura banatzeko, eta beraiekin hizketalditxo labur bat izateko aukera izan dugu.
Lehiaketaren berri irakasleak eman ziela kontatu digute, Olaiaren gelakoak berde-berdea proiektuan parte hartzen dute eta denen artean lehiaketan ere parte hartzea erabaki zuten. Iraitz eta Garoa hirugarren mailan daude, horregatik bisitari bezala azaltzen dira lehiaketan. Hala ere, esan digute, bidali zuten lehenengo itsasontzia irakasleak esanagatik bidali zutela baina gero, puntua hartu lehiaketari, eta itsasontziak bidaltzen jarraitu zutela beren kabuz.
Lehiaketan parte hartu aurretik Google Earth ezagutzen zuten baina ez zuten sekula erabili. Teknologia berriak horrelako lehiaketetan erabiltzeaz zer deritzoten galdetu diegu, eta interesgarria iruditzen zaiela erantzun digute. Gerora probetxugarria izan daitekeela beraientzat aplikazio hauek ezagutu eta maneiatzen ikastea. Teknologia berrien harira, GPSaz ere hitz egin dugu, aparatua ezagutzeaz gain, turismoa egiteko erabili izan dutela aipatu digute.
Berde-berdea proiektuari buruz zer pentsatzen duten ere jakin nahi genuen. Ingurumenari buruzko gai batzuk interesatzen zaizkiela esan digute eta ondo iruditzen zaiela ikastolan gai horiek landu eta gainera, berde-berdea proiektuarekin egiten den bezala, bide hori aprobetxatuz, ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteentzako laguntzak lortzea. Izan ere, berde-berdea proiektuan parte hartzen duten ikasleek ingurumenarekin zerikusia duten gaiak landuz eta galdera batzuei erantzunez puntuak lortzen dituzte, ondoren, puntu horiek ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteentzat diru-laguntza bilakatzen direnak, Kutxaren eskutik.
Ingurumenaren arazoak aipatzean, klima aldaketa etorri zaie burura, gai honek kezkatzen ditu gehien, eta arazoa konpontzetik urruti, okerrera doala uste dute. Arazoa konpontze bidera egiten duten ekarpena, ikastolara joateko garraio publikoa erabiltzea edota oinez joatea da.
Berde-berdearen hurrengo lehiaketa laster jarriko da martxan, eta hirukote honek behintzat, parte hartzeko asmoa badu. Google Earth berriro ere erabiltzea gustatuko litzaieke baina badirudi ez diotela beste edozein teknologiari aterik ixten.