Martxan da Hywind izeneko aerosorgailua, 100 metroko altuera du eta Norvegiako hego-mendebaldeko kostaldetik 12 kilometrotara dago.
Errota erraldoi hau itsaso zabaleko ur gainean ipini den lehenengoa izan da, oraingoz, teknologia baieztatzeko erabiliko den prototipo bat besterik ez da. "30 metroko olatuen bultzada jasateko prestatua dago", StatoilHydro enpresako Oistein Johannessenek esan duenez, aerosorgailua dagoen tokira bertaratu den itsasontzitik. "Hemen itsaso hondoa 220 metrora dago, baina 700 metrorainoko sakonera dagoen tokietan jar daiteke. Aerosorgailuak uretan flotatzen du eta hiru tenkatzailek eusten diote hondora", gaineratu du. Errota, ingeniarien arabera, uretan kulunkatzen da, baina ez da hondoratzen: bere flotazio-marra maila berean mantentzen da beti.
Hywind 200 metroko zilindro bat da, egitura erdia uretatik kanpo dago eta goikaldeko muturrean 42 metroko hiru pala ditu. Beste 100 metroak ur-azpian geratzen dira lasta papera eginez, 8 metroko diametroa du. Errota erraldoi honek 5.300 metro kubiko eta 138 tonako pisua ditu. Aurreko udan eraiki zen Ipar itsasoan, eta udazkenean hasi dira bere jardunaren datuak jasotzen.Etorkizuneko instalazioak ur-azpiko kable bidez konektatuko dira lurrarekin sortzen duten elektrizitatea garraiatzeko.
Itsaso zabalean, kostaldetik urrun, kokatzeak abantaila ugari dakartza: faunari eragiten dizkioten ingurumen arazoak ekiditen dira, ez du arrantzaleentzako trabarik sortzen, eta ez du bizilagunentzat kaltegarriak izan daitezkeen ikuste-inpaktu edota soinurik sortzen. Gainera, haize boladak indartsuagoak eta jarraiagoak dira itsaso zabalean kostaldean baino.
Siemens enpresa alemaniarraren ekarpena izan da aerosorgailua eta Norvegiak ur gaineko gas eta petrolio plataformen garapen eta erabileran dituen esperientzia jarri ditu. turbinaren uretaratzea udara hasieran egin zen, ontzi eta garabien bitartez aerosorgailua osatzen duten zati erraldoiak muntatu ziren prozesu korapilatsua batean. Animazio honetan ikus daiteke prozesua.
Errota erraldoi hau eraiki aurretik, ingeniariek, hiru metroko eredu batekin egin zituzten flotagarritasunaren eta olatuen aurrean duen egonkortasunaren probak urmael batean.
Noski, aerosorgailu hau, ohikoak (lurrean nahiz kostaldeko uretan finkatutakoak) baino garestiagoa da. Hywind errotak 40 milioi euro inguru balio izan ditu. Baina adituek gogorarazten dute, hau prototipo bat besterik ez dela izan, eta teknologia baieztatuko balitz, aerosorgailu honen prezioa jaitsiko litzateke eta energia eolikoa sortzeko abantaila ugari ekarriko lituzke. Momentuz, norvegiar errotaren jardunaren ahalik eta datu gehien biltzea da helburu nagusia, bi urtez burutuko da lan hau. Dena espero bezala ateraz gero, hurrengo pausua, adituen arabera, ozeanoan ur-gaineko erroten parke eolikoak eraikitzea izango litzateke.
Iturria: ElPais.com