Urtero bezala, urriaren 13an, berde-berdearen festa ospatu zen Miramongo Zientziaren Kutxagunean.
Urte honetakoa ospakizun berezia izan da ordea, berde-berdea proiektuak bere 5. ikasturtea hasten baitu.
Festan ia 300 pertsona elkartu ginen. Gipuzkoako sei ikastetxetatik etorritako 244 ikasle eta 16 irakasle, berde-berdea proiektuarekin laguntza jasotzen duten lau erakundeetako ordezkariak eta nola ez, laguntza ekonomiko hauek gauzatzea ahalbidetzen duen Kutxako ordezkaritza eta baita Kutxagunekoa ere.
Festara etorri ziren ikastetxeak honakoak izan ziren: Axular Lizeoa (Donostia), San Jose Ikastetxea (Hondarribia), El Pilar Ikastetxea (Irun), Aralar Institutua (Alegia), Aita Larramendi Ikastola (Andoain) eta Haurtzaro Ikastola (Oiartzun). Ikasleen gehiengoak zientziaren inguruko zenbait esperimentu ikusi ahal izan zituen Kutxaguneko bisitaldian eta ikastetxe bakoitzetik lau ikaslek bitartean, GPS-arekin jolasten den "altxorraren bila" batean parte hartu zuten, "Geocaching" izena hartzen duena.
Arrano Etxea, Aranzadi, EIBE eta Green Belt Movement izan ziren diru-laguntzak jaso zituzten Elkarteak, guztira 12.000 € banatu ziren, Gipuzkoako 90 ikastetxe ingurutako ikasleek 07/08 ikasturtean zehar beren lanarekin lortu dituztenak. Burututako lana ingurumenaren inguruko gaiak landu eta ariketa eta galdeketak egitean datza.
Aipatutako laguntza ekonomikoa Kutxaguneko bisitaldia amaitu ostean egin zen bileran banatu zen, non berde-berdearen lau urtetako balantzea egin eta ikasturte honetarako prestatu diren berrikuntzak ere aurkeztu ziren.
Berrikuntza hauen artean web orrialdearen berritzea dago, bertan ikasleek parte hartze zuzenagoa izango dute, beren iritzi, argazki eta abar sartu ahal izango bait dituzte. Gainera, gurasoek parte hartu dezaten atal berri bat izango du. Bileran garrantzi berezia eman zitzaion beste berrikuntza bati, ikasturtean zehar burutzen joango diren lehiaketei, lehenengoak, laster martxan jarriko denak, Google Earth programaren bidez munduko barkurik luzeena aurkitzean datza.
Festari amaiera emateko ikasleek Kutxaguneko inguruetan eguraldi paregabeaz eta hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan zuten, irakasleak eta ingurumen elkarteetako, Kutxako eta Kutxaguneko ordezkariak "lunch" baten inguruan elkartzen ginen bitartean.
Festaren erreportaje fotografikoa.
2007ko festa gogoratu nahi baduzu, hemen dituzu iazko bideoa eta erreportaje fotografikoa.